Azaroak 15ean, 948 Merkatua Wikilantegia egingo dugu Iruñean. Nafarroako arteen merkatuaren lehen edizioan, Wikilari bolondres talde bat arituko da diziplina artistiko ezberdinetako eragile eta elkarteei buruzko informazioa Wikipediaratzen.

Wikipedia entziklopedia askea eta kolaboratiboa da. Idazteko prest dagoen edonork, arau batzuk beteta, editatu dezake bertan. Wikilantegi edo edizio lantegiak (edit-a-thon gisa ere ezagunak), Wikilarien topaguneak dira. Gai jakin bat aitzakia gisa hartuta, auzolanean gai horri buruzko artikuluak sortu eta osatzeko topaketak. Wikipedian inoiz aritu ez den jendearentzako tailerrak ere eskaini ohi dira sarri, eta hala, mundutxo hontara hurbiltzeko aukera eskaintzen dute.

948 Merkatua, Nafarroako Kultura Zuzendaritza Nagusiak aurten lehenbiziko aldiz antolatu duen Nafarroako arteen merkatua da. Iruñean egingo da azaroaren 15 eta 16an. Arteen feria honek bi helburu nagusi ditu: batetik, Nafarroako kultura-arloko ekoizpena erakustea eta, bestetik, kultura-arloko profesional eta eragileak elkartzeko gunea izatea. Diziplina artistiko guztiak daukate kabida bertan: zinema eta telebista, arte eszenikoak, arte plastikoak, musika, disko, liburu eta beste euskarrien argitalpena, eta kultura-eta sormen-industria berriak, esaterako, diseinu digitala, ehun-eta moda diseinua, arkitektura, ingeniaritza edota lanbide berriak.

Indarrak bildu eta 948 Merkatua eta EWKEren arteko lankidetzan, lantegi ireki bat antolatu dugu Iruñeako Baluarte jauregian azaroak 15ean. Horrela, arratsalde oso batez, jaialdian parte hartuko duten artista eta kultur eragileei buruzko artikuluak sortzen eta eguneratzen arituko gara Wikipedian. Baita argazkiak atera eta horiek Commons multimedia biltegira igotzen ere. Edizio lanetan aurrerapausoa emateaz gain, sektoreko eragileen artean lizentzia libreei buruzko ezagutza sustatu eta eredu ezberdinei buruzko eztabaida sortzea ere lortu nahi genuke.

Egilea:Mgoni4

Lantegian parte hartzeko ez da beharrezkoa aurretik Wikipedian esperientzia izatea. Hori egunean bertan ere ikas liteke monitore batzuen laguntzarekin. Ezinbestekoak kulturarekiko jakin-mina eta parte hartzeko gogoa dira. Hori bai, ahal dela, ordenagailua eramatea komeni da.

Lantegiari buruzko informazio zehatza Wikiproiektuan bertan topatuko duzue. Aurrez izena ematea ez da beharrezkoa baina bai komenigarria.

Kultura zale, Wikilari eta gainerako interesatuak, gonbidatuak zaudete!

  • Non? Iruñeako Baluarte jauregian
  • Noiz? Azaroak 15, arratsaldez (ordutegia Wikiproiektuan kontsultatu)
  • Zer? Nafarroako sortzaile eta kultur eragileak Wikipediaratzeko lantegia