Wikipediaren inguruan sortzen diren programak kudeatzeko tresna da “Dashboard“. Berarekin editatoiak edo ikastetxeetan egiten diren lanak kudeatzeko aukera dago, artikuluak esleitu eta gainbegiratzeko erraztasunak emanez. Ingelesezko artikuluen jarraipena egiteko WhoColor izeneko tresna erabiltzen du sistema honek. Orain euskaraz izango dugu, ingelesa ez den beste hizkuntza batean instalatzen lehenengoa.

Demagun irakaslea zarela eta zure ikasleekin talde-lana antolatu duzula Wikipediako artikuluak hobetzeko. Ikasle-talde bakoitzari artikulua esleitzen diozu eta, bukatzerakoan, bakoitzak zer egin duen jakin nahi duzula. Wiki teknologiak hori ahalbidetzen du, ikasle bakoitzaren (berez, artikulua editatu duen edozeinen) lana zein izan den esaten dizulako. Artikuluaren “Historia ikusi” botoiari ematea baino ez dago.

WhoColor sistemak lan hau errazten du: editore bakoitzak egindako lana kolore batekin markatzen du. Horrela, erraza da ezagutzea editore batek paragrafoak gehitu dituela, beste batek zuzendu duela, edo badela erreferentziak bilatzen egon den ikasle bat. Nahikoa da, artikulu bakoitzaren estatistikak ikusteko pantailan, “Oraingo bertsioa egile markekin” sakatzea emaitzak ikusteko.

WhoColor teknologia librea da, WikiWho taldeak garatua. Euskal Wikilarien Kultur Elkartetik eurekin harremanetan jarri ginen abuztua amaieran, eta laguntza eskaini tresna hau euskaraz jartzeko. Sinplea zen lana, baina test batzuk behar zituen. Ondoren, Dashboard garatzen duen Wikipedia Education Foundationekin jarri ginen harremanetan, tresna honen euskarazko bertsioan WhoColor instala zedin. Eta atzo jaso genuen mezua: dagoeneko martxan da. Euskara izan da tresna instalatu duen bigarren hizkuntza.

Gaur turkiera eta alemanez ere gaitu dute WhoColor, eta laster egongo da portugesez eskuragarri. Mundu osoko irakasleentzat eta programa arduradunentzat laguntza txiki bat, euskaraz.

2 comments

  1. Xabier Cañas

    Zoragarria!! Euskara munduko hizkuntzen abangoardian!! Lan ederra!!

*

XHTML: You can use these tags: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>