Denbora gutxi pasa da irudian agertzen diren ikasleek lehen ordenagailu hori ikusi zutenetik. Belaunaldi bat, ez besterik. Ikasle horiek 40 urte inguru izango dituzte orain eta euren seme-alabek argazkian eurek zuten adina izango dute. Belauladi bat, ez besterik. Baina denok dakigu zenbat aldatu den mundua belaunaldi horretan. Ordenagailuak nonnahi daude, testu-liburuak desagertzear daude, eta Entziklopediak on-line dira. Milaka jakintzagai behatz puntetan, sakeleko telefonoetan, pantaila lau eta arbela elektronikoetan ikus daitezke. Baina… ikasleek aurkitzen al dute behar dutena, euskaraz?

Kezka hori suertatu zen, udaberrian Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailarekin egin genuen bilera batean. Kulturaz, museoetaz, liburutegietaz, hiztegietaz… hizketan ari ginela gertatu zen. Ikasleek Google irekitzen dute (bai, bilatzaile esatea eufemismo bat litzateke hemen) eta lortzen duten lehen emaitza Wikipediarena da. Nabigatzailea euskaraz baldin badute, eta artikulua euskarazko Wikipedian baldin badugu, euskarazko emaitza emango die aurretik. Zein da artikulu horien kalitatea? Landuta al daude? Aurkituko al dute bilatzen dutena?

Eta hortik saltoa: ikasle askok gaztelania edo ingelesezko artikulua aurkitu eta Google Translate erabiltzen omen dute eskolarako lanak aurkezteko. Ezer gutxi ikasten da horrela, ezer gutxi ulertzen da horrela, ezer gutxi irakurtzen da horrela. Buelta emateko zerbait egin behar dugu, buelta emateko zerbait egin dezakezue? buelta emateko zerbait egin dezakegu?

Eta horrela ibili gara, sei hilabetez, Eusko Jaurlaritzarekin batera proiektu bat garatzen, 12-16 urteko ikasleek kalitatezko 1.000 artikulu izateko helburua jarrita. Ez ditugu guk idatziko. Zuk idatziko dituzu, gurekin batera. Auzolan erraldoi baterako proposamena da, hezkuntza instituzio guztiak inplikatu eta herri-idazketa antolatzea da helburua. Unibertsitateekin hasi gara lanean jada, artikulu zerrenda bat sortzen ari gara hainbat aditurekin, didaktika landu nahi dugu multimedia edukiekin…

Hurrengo astetan eskainiko ditugu xehetasun gehiago, baina aurreratu dezakegu dagoeneko lanean ari garela hainbat irakasle eta ikaslerekin lan honi ekiteko. Euskarak erakutsi du gaitasuna duela garai ezberdinetara egokitzeko. Herri honetan egon da hezkuntzaren alde bultzada egiteko gogoa. Elkar ditzagun gaitasuna eta gogoa eta eman diezaiogun erronka honi elkarrekin dugun jakintza guztia.

0 comments

*

XHTML: You can use these tags: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>