Aurten, beste urte batzuetan bezala, Wikimania biltzarra egin da, Quebeceko Montrealen. Aurten beste batzuetan ez bezala, baina, euskal wikilariak izan gara bertan gure (gazta) aleak jartzen. Aurreko nazioarteko biltzarra Alemaniako Wikimediak antolatu zuen (aurten, Berlinen). Euskal Herri barruko ekimenetik abiatuta, parada ederra Wikimedia mugimenduan (Wikipediaren gurasoan), gauzak zertan diren ezagutzeko eta, Euskal Wikilarien Elkartearen bitartez, zerbait ere ikasi, beste zerbait irakatsi, eta euskal wikilarion ahotsa entzunarazteko, hainbat aurkezpen eta ekitaldiren bitartez.

Hainbat gai landu dira bertan, eta Wikidatak eraman du arreta handiena, kasu! Munduko partaidetza zabala izan da Quebeceko Montreal hiriburuan, irekia, baina ez nahi bestekoa. Hainbat wikilari eta wikilari elkarte ezin etorriz geratu dira; zalantzarik gabe, Euskal Herria eta Europa astintzen duten fenomenoak, mugetako kontrolak, ez zaizkio arrotzak izan Wikimaniari: batzuek bisatuak ukatuak izan dituztela, beste batzuek berandu edo ez behar bezala izapidetu dituztela. Eragin handia izan du: asko izan dira begitarte zurbilak, nahiko gutxi aurpegi beltzaranak. Bai, bada, systemic bias edo partzialtasun sistemiko deitzen den horri ezin izan zaio ihes egin, ahaleginak egin arren, Wikimediaren biltzar nagusian.

Antolakuntzak automatikoki berritu die beka aurten huts egindako wikilari bekadunei heldu den urteko Lurmutur Hiriko Wikimaniara joan daitezen, Hego Afrikako hiri hori aukeratu baita horretarako, WM Fundazioaren asmo onen seinale inondik ere. Urteko Wikilariaren izendapena ere afrikar bati eman zaio, bisatu kontuak tarteko bertaratu ezin izan den Ghanako Felix Narteyri, oztopoak oztopo ezagutza librearen alde egindako lanarengatik. Geurean adierazpen askatasuna herren (edo hanka-erdiz) dabilen honetan, pentsa beste hainbat tokitan: biltzar honetan jakin izan da bi urtez desagerrarazitako Bassel Khartabil Wikipediako siriar ekintzailea eraila izan zela Siriako gobernuko indarrek atxilotu eta gutxira. Ekialde Hurbileko emakume wikilari baten hitzaldian argazki edo mikrofonoak galarazi egin ziren Montrealen, hari gerora zer gerta ere. Argi gehiago ekarri dute argentinarrek, beren WikiLesa, oroimen historikorako itzulatoi eta edizio proiektu sendoarekin, eta zenbait emakume wikilarik beren taldeak eratu dituzte.

Wikimedia Fundazioak kezka adierazi du adierazpen askatasunaren osasunarengatik, Transparency Report 2017an erakutsi duenez, baita pribatutasunaren aldeko  aldarria bidali ere (kolokan dugu ta), eta gogor egin die gobernuek eta ez-gobernuek informazio pribatuak eman eta Wikipediatik informazioa kentzeko jasotako presioei. Artean gogoan dugu duela pare bat urte baino gehiago Rajoyk ingelesezko Wikipedian esku hartzeko David Cameroni egindako erreklamazioa (sic), eta harrezkero ez dira espainiar agintariak egonean geratu.

Erauntsiak erauntsi, Wikimediaren 2030 Estrategiak nabarmentzen jarraitu du tokian tokiko herritarrengandik hurbil egoteko premia eta haiekin ekimen berriak sustatzeko asmoa, geuk, gizon eta emakume, egiten baitugu Wikipedia, baita haren proiektu senideak ere. Euskal Wikilariok geure gazta zatiak utzi ditugu Quebecen: Idiazabal eta Irati gaztagaxna bana eraman ditugu (aldamenean, Donostialdeko gaztazahar poto bat ere ‘lagun’ zutela), Quebecekoekin buruz buru lehiatzeko, eta munduko hizkuntza gutxituetako wiki proiektuetan Euskal Wikipediak duen toki nabarmena berresteko (Amicalen baimenaz…, noski!).